miércoles, 9 de mayo de 2012

Iritzia eman edo ez eman, hor dago gakoa.

  
"Gizarte berri, hobe bat nahi dugu."


"Zer bilatzen duzu hezkuntza munduan?" galdera eremu honetako ikasle bati botatzerakoan, ohikoena bi erantzun eskuratzea da: 1) Umeak gustatzen zaizkidalako 2) Egungo gizartea gustoko ez dudalako.

Egia da hezkuntza oso garrantzitsua dela, gizaki guztion bizitzan eragina txikitatik duen zerbait dela. Halako hezkuntza jaso, halako pertsona garatu. Nire irakasle batek hala esaten zuen "dame un puñado de alumnos y haré lo que quieras de ellos".

Eragina nabarmena da; izaera, pentsamoldea, ... dena aldatzen da jasotako hezkuntzaren arabera. 
Baina, non dago muga?

Gizakia izatez berekoia eta egozentrikoa da. "Nik pentsatzen dudana ondo dago, eta kontrakoa esaten duena oker dabil". Bizitzan zehar pentsaera hori aldatzea lan zaila izaten da, beste iritzi batzuk badaudela ulertzea, hauek errespetatzen ikastea, ... eta mundua eguzkiaren inguruan dabilela biraka, eta ez gurean, gogoratzea.

Gainera, bizitza honetan, gizakiontzako behintzat, ezinezkoa da objetiboa izatea. Beti azaltzen da subjetibotasun puntu bat. Nahiz eta gertaera objetibo bat kontatu, kontatzeko era, erabiltzen ditugun adjetiboak, tonua, ... denak uzten du begi bistan gure iritzia. Oso zaila da gure iritzia guztiz ezkutatzea.

Hezkuntzan antzeko zerbait gertatzen da. Irakasle baten eginkizunen artean "balioak erakustea" azaltzen da. Zein balio, ordea? Ba al daude balio ezarri batzuk? Errespetua, tolerantzia, bizikidetza, ... Agian bai. Baina beti darabil gure pentsamoldea gertu igerian.

Hemen agertzen da betiereko eztabaida: hezkuntza objetiboa edo subjetiboa?

Irakasleek beren iritzia eman dezakete?

Nire erantzuna honakoa da: ezezko biribila. Eta, iritzia ematen den bakoitzean bezala, hona hemen nire arrazonamendua:

Gaur egun oso zabaldua dago liberalismo ideologia. Lehen aipatutako errespetua, tolerantzia, bizikidetza, ... Denok jokatu behar dugu erderaz esaten den "politicamente correcto" bezala. Ni ere ados nago ideia hauekin, oso egokiak eta idealak iruditzen zaizkit. Baina errealitatea beste iritzi batzuk ere badaudela da.

Irakasle baten iritzia oso liberala, ideala, ... baldin bada, antza ez dago arazorik irakasle horrek bere iritzia haurrengan ezartzeko (ezartzeko, bai, gogoan izan dezagun eta haurrentzako, adin txikitan baitik bat, irakasleek diotena egi absolutua omen baita). Irakasle hori halakoa izan ordez, muturreko adibide bat erabializ, pentsaera naziak baditu? Sekulako machista, arrazista, homofoboa, ... Edo, animalien maitale izan beharrean, ehiztaria bada. Orduan? 
Ondo iruditzen jarraituko litzaiguke iritzia ematea?

Gehiago ez luzatzearren, eskainitako gogoeta egin ondoren, nire ondorioa egokiena irakasleak iritzi guztiak eskaintzea izango litzatekeela da. Aipatu dudan bezala, oso zaila da subjetiboa ez izatea. Baina ahalegin bat egin beharko genuke eta pentsaera guztiak azaldu.

Ikasleak hor kanpoan dagoen errealitatera prestatzen gabiltzala diogu guztiz harro. Bete dezagun esandakoa.  Haurrek kanpoan ikusiko dutena ezagutu behar dute, iritzi, pentsamolde, ... aniztasuna. Erlijioak, korronteak, ... dena; edo ahalik eta gehiena. Erakutsi diezagun hori, eta, egunen batean, aukeratuko dute haiek zer pentsatu edo zein iritzi izan.

Batzutan ahaztu egiten zaigu eta haurrak izanagatik pertsonak direla, hemendik urte batzuetara heldu izango direla; eta, pertsona guztiok bezala, zer pentsatu, zein gustu izan, ... aukeratzeko eskubidea dutela.

Ez diezaiegun kendu hautatzeko eskubidea, ez diezaiegun kendu haiek nahi dutena izateko eskubidea, gure aukera dena izanda ere.


No hay comentarios:

Publicar un comentario